Eztibeltza Kooperatiba-Larraldea Sagardotegia eta Andalorreko Ogi Ekologikoa gurean izan dira Ekintzaileen Panela osatzen

2024/05/13

Joan zen ortzegunean (2024/05/09), eta hirugarren ikasturtez jarraian, Elizondo Lanbide Eskolan, INIZIA programaren barruan burutzen den Ekintzaileen Panela solasaldia burutu zen.


Administrazio eta Finantzetako Goi mailako, Administrazio Kudeaketako Erdi mailako eta Bulegoko Informatikako Oinarrizko Mailako lehenengo mailetako ikasleek, azken urteetan Baztanen beraien negozioa abiatu duten bi ekintzaile gonbidatuei esker ekintzailetzaren erranahia ezagutu zuten.


Beren bizipenak kontatzen gurekin, Eztibeltza Kooperatiba eta Larraldea Sagardotegiko kidea den Xabi Torres eta Andalorreko Ogia- Okindegi Ekologikoko Aitzol Iturbe izan ziren.


Ikaskuntza-goiz bat izan zen gure ikasleentzat, izan ere, jardueraren helburuen artean baitzegoen, lanbidea garatzeko norberaren negozioa ekitearen aukera balioan jartzea.

 

Bere azalpenetan hiru alderdiri eman zieten garrantzia bi ekintzailek. Lehenik eta behin, norberaren ametsak jarraitzearen alde agertu ziren biak, arrakasta nahiz porrota ezagututa ere, hortik ere ikasten baita. Bigarrenik, abian jarri nahi den negozioaren ikuspegi globala izateko, negozio-ideia hori, bideragarritasun-azterketa batean eta enpresa-plan batean antolatzeak duen garrantziaz aritu ziren. Akitzeko, Eztibeltza Kooperatiba eta Larraldea Sagardotegia bezalako proiektuak aurrera eramateko pertsonen arteko beharrezko lankidetzaren gaia ere azpimarratu zen.

Jardunaldiaren moderatzaile eta aldi berean bere ekintzaile bizipenak azaltzen Nicolas Martinez egon zen, Lemon Milk enpresaren izenean.

Jarduera hau, aitzinera eramateko, Nafarroako Gobernuak, Lanbide Heziketan INIZIA programak Ekintzailetza Gelak bultzateko eskaintzen duen finantzazioaren laguntzari esker burutu da.

Gure eskerrik zintzoena, Xabi Torres eta Aitzol Iturberi gurekin partekatutako solasak eta esperientziagatik.