Gazteon lan eskubideen gida

2023/06/05

Gaur goizean, LAB sindikatua eta ERNAIren eskutik “Gazteon lan eskubideen gidaren“ aurkezpena egin da Elizondo Lanbide Eskolako IIPn.

Bertan izan dira, eskolan irakasten diren Ziklo ezberdinetako lehenengo mailak. Lantokietako Prestakuntza eta Orientabidea moduluari atxiki zaio jardunaldia, beti ere landutako gaia lotuta baitago moduluan lantzen diren edukiekin.

Jardunaldiari hasiera emateko, lan munduan gazteen egoera prekarioaren azterketa egin da, krisi globalaren aurrean gazteria kolektiboa bereziki zapaldua izaten ari dela azpimarratuz.

Ondoren, Gidak biltzen dituen edukien errepasoa egin da. Garatu direnen artean, alde batetik, lan merkatuan sartu aurretik kontuan izan behar den araudiaren erreferentzia, Langileen Estatutua, Hitzarmen Kolektiboa eta Lan erreforma. Landu dira ere ondoren, lan kontratuen ezaugarriak, langileen eskubideak eta betebeharrak, kontratazio motak eta kaleratze motak eta kalteordainak lan erreformaren ondoren, lan kontratu bat irakurtzerakoan kontutan izan beharreko gakoak eta puntuak, lanaldia eta lan egutegiaren garrantzia bertzeak bertze.

Bukatzeko, dei egin diete ikasleei, lan munduan txertatzen direnean, indibidualismoa alde batera uzteko eta kontutan izateko, langileen antolatzearen garrantziaz, arazo kolektiboei modu kolektiboan erantzuteko.