Aholkugune Aholkularitza Proiektua

2024/03/12

Atzo, 2024ko martxoak 7, eguerdiko 13:00etan, Elizondo Lanbide Eskolan, Aholkugunea proiektuaren aurkezpen saioa burutu zen.

Elizondo Lanbide Eskola IIPko Administrazio eta Finantzetako Goi Mailako Lanbide Heziketa Zikloko ikasleek eta irakasleek osatutako lantaldeak, bere Enpresa Kudeaketa ikaskuntza-prozesutik abiatuta, "Aholkugunea" izeneko webgune bat garatu dute.

Gune honek inguruko enpresaburu autonomo, enpresa txiki zein ertain eta ekintzaile berrien garapena, autonomia eta berrikuntza bultzatzeko kalitatezko arloko baliabide erabilgarriak barneratzen ditu. Gainera, kontsultarako eta laguntzarako gune bat eskaintzen du, baita negozioen erreleboa eta eskualdatzea errazteko tresnak ere.

Proiektu hau duela urte batzuk sortu zen, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak 2021eko martxoaren 7/2020 Ebazpenaren bidez Lanbide Heziketarako Proiektu Berritzaileen deialdia egin zuenean. Proiektua, irakaskuntza-berrikuntzako proiektu gisa aukeratua izan zen deialdi honetan.

Denboran bat eginez, inguruko negozioen erreleboaren arazoari erantzuteko eskatuz Baztango Udalaren proposamen bat jaso zen Elizondoko Lanbide Eskolako Administraritzako Departamentuan.
Proiektuak lehenengo urratsak emanak eta 2021eko maiatzean eman zitzaion hasmenta “INIZIA-NAFARROA Ekintzailetza- gelak Lanbide Heziketan” programari eta Elizondo Lanbide Eskolak bertan txertatu zuen Aholkugunea proiektua. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak bultzatutako programa izanik, Nafarroan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integrazio Zerbitzuak garatua izan da Lanbide Heziketako ikastetxeetan, ekintzailetza sustatzeko ekintza garatzeko.

Programa honek, ekintzailetza laborategiak martxan jarri ditu hainbat ikastetxetan, horien artean Elizondoko Goi Mailako Administraritza eta Finantza ikasketen barruan. Tresna ezberdinak bideratzen dituen programa da hau. Sentsibilizazio jardunaldiak, tailerrak, bazkide eta kolaboratzaile sarea sortu bertan lan egiten duten agente ezberdinak uztartuz.

Programak agindu bezala, Lanbide Heziketako Ikastetxeetan, ekintzailetza-esperientziak sortzea helburu izanik, eskolaz kanpoko erakunde batek proposatutako ERRONKA bati irtenbidea emateko aukera izan dute Elizondoko ikasleek, beti ere beraien zikloan jasotako prestakuntzan lortu dituzten ezagutzak aplikatuz eta ingurunean eragin sozial positiboa ekarriz. Atala honetan, Cederna-Garalur izan dugu 2023-2024 ikasturte honetan bidelagun proiektuaren lehenengo egunetan, ekintzailetzaren inguruko azalpenak eta erronka plazaratuz.

Proposamen honen bidez, Elizondoko Lanbide Eskolak Baztan-Bidasoan dagoen enpresa sarearen beharrei erantzun nahi die, parte hartzen duten ikasle eta sustatzaileak ere eskualdeko herri ezberdinetakoak direlarik. Proiektuak, halaber, etorkizunean zikloan berarekin lanean jarraitzeko aukera emango dien proiektua izan nahi du.

Izan ere, inguruan kokatutako, etorkizuneko erabiltzaileengan, ETEengan, autonomoengan eta saltokiengan arreta jarrita landutako proiektuan sortutako gune digitalaren, erabiltzaileek hiru zerbitzu mota aurkituko dituzte:
● Enpresa-kudeaketaren arloko edukien informazio puntua, Baliabide lagungarrien Gunea izenekoa.
● Enpresa Kudeaketa gaiarekin lotutako Zalantzak argitzeko eta Kontsultak egiteko Gunea. Zalantza hauek bideratzeko, web lekuan aurkituko den inprimaki bat osatuz helaraziko dira.
● Negozio-txandarako Gunea eta honen barnean, negozioen erreleboa bideratzeko poltsa, jarduera publikoen poltsa eta hutsik dauden merkataritza-lokalen poltsa, bertze informazio batzuen artean.

Hasieran aipatu bezala, Webgune honetan landutako hiru atalekin, Administrazio eta Finantzetako goi-mailako zikloa osatzen duten moduluetan landutako edukiak eta gaitasunak aprobetxatuz, eduki interesgarriak, negozioen eskualdaketarako eta enpresa-kudeaketarako erabilgarriak diren produktuak eskaintzea lortu nahi da eta bertatik bideratutako zalantza eta galderak erabili, zikloko gaitasunen ikaskuntza errealitatean oinarrituz ebazten ikasteko.

Horri esker, etorkizuneko lanbidean lan egingo duten zereginen mapa egin dute, eta lortutako balio-proposamena sortu. Aldi berean, landutako balio-proposamenetik abiatuta, bizi diren ingurune errealean sortutako erronkei maila profesionalean erantzuteko gaitasuna garatzeko parada ematen die. Beti ere, beraien ikaskuntza prozesua garatuz eta, gune hauen bidez bideratutako erronka errealei erantzuten ikasiz.

Aurtengo Administrazio eta Finantzetako 2. mailako ikaslek eraman zuten atzokoan aitzinera aurkezpena beti ere, beraien irakasleak ondoan zituztelarik eta eskolako Zuzendariaren babesarekin.

Proiektua plazaratzeko ekitaldia honetan, parte hartu zuten inguruko hainbat agente, hala nola, Xabier Torres, Eztibeltza Kooperatiboaren izenean, Mikel Sobrino Bertan Baztanen izenean, Iñaki Bengoetxea Baztango Zaporeaken izenean, Izaskun Abril Cederna- Garalurreko Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko Garapen Agentea eta Marian Cestau, Cederna-Garalur eta Tunegocioytu ekimenaren izenean eta kolaboratzaile gisara.

Aurkezpenaren ondotik, Lanbide Heziketa Bereziko ikasleek prestatutako gosari goxoa dastatuta akitu zen ekitaldia.

Proiektu honen bilakaera 2021-2022 ikasturtean hasita, gaur arte, urtez-urte Administrazio eta Finantzetako 2. maila burutu duten ikasle guztiak dira ere proiektu honetan lortutako produktuaren protagonista, izan ere, lanketa guztia, ikasturte guzti hauetan eraman baita aurrera.

​​​​​​​