Erizaintzakoak Italian! - CIP Elizondo Lanbide Eskola IIP - Ikasnova
Erizaintzakoak Italian! - CIP Elizondo Lanbide Eskola IIP
Erizaintzakoak Italian!
2025/04/29
Astetxo batzuk atzera eginez, egun ahaztezin batzuk etortzen zaizkigu burura. Hain zuzen ere, Italian egon gineneko denbora tartea. A zer esperientzia!
Hasieran, sentimendu samin-goxoak genituen. Izan ere, batzuk ez genuen hegazkin bat inoiz hartu, lekua ezezaguna zen… baina, aldi berean, ilusioz beteta geunden. Lehenbiziko egunetan, bertako kultura nahiko arrotza egin zitzaigun, gurearekin talka egin baitzuen. Egunak pasa ahala, dena hobetzen joan zen; etxetik kanpo egotera ohitu ginen, dastamena bertako gastronomiara egokitu zitzaigun eta hizkuntza aldetik ere, aitzinera pausu bat eman genuen.
Bisita asko egin genituen: ospitaleak, odontologia klinika, dialisi zentroa, osasun larrialdietako enpresa, etab… Egunero jarduera ezberdinak egiten genituen; Cataniako egunsentia ikusi eta bertako uretan bainu bat hartzeko aukera ere izan genuen. Momentu hagitz onak pasatu genituen; irri aunitz egin dugu eta egun oso politak pasatu ditugu.
Esperientzia honek gure arteko giroa hobetzen eta harremanak estutzen lagundu digu. Irrifar batekin gogoratuko dugu bi aste hauetan bizitako guztia. Errepikatzeko modukoa, dudarik gabe! Eskerrik asko hau dena aurrera eramateko lan egin duzuen guztiei!
Erizaintzako ikasleak